Design a site like this with WordPress.com
Hasi zaitez

Argazkia

Betidanik gorde ditut ikastolako agendak. Nire egunkaria bezalakoak ziren. Izan ere, dena apuntatzen nuen nire agendan: “Mateko etxekolanak: 6. orrialdeko 3. eta 4. ariketak … Maiderren urtebetetzea”. Gaur horrek ez dauka inolako baliorik, baina nire eguneroko bizitzaren lekukorik hoberenak ziren, eta ezin ditut zakarrontzira bota. Hala ere, erlikia horien artean sentimentalagoak diren beste batzuk ere baditut. Hamalau urte nituela, nire gelakide baten begirada berdeak maitemindu ninduen. Amodio deritzoten sentimenduaren lehen arrastoak nire bihotzean. Berak niri idatzitako txorakeria guztiak oraindik gordetzen ditut. Dena dela, mina sentitzen dut iraganeko fantasma horiek berrikustean, baina beti uko egiten diot erlikia horiek desagerrarazteko ideiari. Garai polita izan zen, eta ahaztearen beldur naiz.

Denbora pasatzen da, eta gizakiak beti izan du hura kontrolatzeko asmoa. Alabaina, gogoko ez izan arren, ez gara denboraren jabe. Horregatik iraganeko sentimenduak objektu fisikoen bidez harrapatzen ditugu. Denbora uneak izozteko modu bat izan daiteke. Adibiderik aipagarriena argazkiak dira. Pasa den festa batean paratu ginen flash itsugarri horren aurrean, baina esku artean izan dezaket nahi dudan unero. Automatikoki neure buruak Pariserako bidaia egiten du, Eskual Etxera, eta Siegfriedekin dantzan nabil, merenge, uste dut. Ez dut argazkien beharra guzti horretaz oroitzeko, baina erosoago sentitzen naiz. Oroitzapenak neurobiologiak azaldu ditzakeen prozesu konplikatu xamarrak dira, baina argazki papera guztien esku dago, ukitu dezakegu. Iraganaz jabetzen gara horri esker.

Badirudi orainaldia errefusatzen dudala eta iraganean bizi naizela betiko, baina ez da egia. Lehenaldia hurbil nabaritzeko beharra sentitzen dut soilik. Erasmuseko eta koadrilarekin igarotako uda askotako argazkiek estaltzen dituzte nire Gasteizko logelaren hormak. Babestuago sentitzen naiz. Izan ere, lehenengo amodio horren aztarnak ezabatzea nire burua traizionatzeko modukoa izango zen.

Esaten dute pertsona bat hiltzear denean, bere bizitza pelikula bat izango balitz bezala ikusten duela. Argi dago, heriotzaren ostean oroitzapenak bakarrik geratzen direla.

Gasteizen, 2008ko udazkenean

Testu hau sare sozialetan partekatu dudanean idatzitakoa:

Gabon zaharra gertu dugula, ez bakarrik urtearen balantzea, baizik eta hamarkada oso batena egin behar dugula esan zuen beste egunean lagun batek.

Zenbakietaz haratago, badela urtebete baino gehiago balantze egiten nagoela erantzun nion. Are gehiago, Gabonetako opor hauetan, ospakizun guztietan kale egin eta idaztera noa irla galdu batera. Zertara eta balantze egitera, ostera.

Nire erraiek horren beharra dute.

Izan ere, oso mugituta sentitzen ditut, esker ona, harrotasuna, bizipoza eta nostalgia, dena hesteetan nahastuta. Goragale batzuetan ere. Ez nago bakean.

Eta sentitzen nuen goiz honetan ez nindutela bakean utziko testu hau berreskuratu arte.

Nire lehenetarikoa, are aspaldiagokoa.

Zirraraz eta irribarrez berridatzi dut, euskaltegiko irakaslearen zuzenketekin. Eskerrik asko, Pablo Pagegi, beti.

Eta eskerrak testuan aipatu ditudan hainbeste erlikia zakarrera bota ditudan, baina ez hauxe. Nire sorkuntzen artxiboa salbatu da mudantzak mudantza, de cambio en cambio. Mugimenduan beti, nirekin.

Testu hau, Pablorentzat eta Pariseko Eskual Etxeko lagunentzat. Post Erasmus depresioa gainditu nuen. Baita iragana galtzeko beldurra osatu ere. Eta maitasun erromantiko hori sendatzeko bidean nago, noski.

Nire Jorge Drexler kuttunak abesten duen bezala: “A la flor de la poesía no hay melancolía que no la riegue” (“Abracadabras”, Julieta Venegasekin, “Salvavidas de hielo” diskan).

Gora bihotz nostalgikoak!

Azken argazkian, gure Pariseko sukalde eskualduna dekoratzen zuten karikatura ederrak Udanerenak dira. Aupa artista! Oso harro zeure ibilbideaz.

Bakion, 2019ko neguko atarian

Published by kontalamia

Hitzek sorgindu ninduten. Doinu eta forma ezberdinetan nire gorputza bete ostean, borborka hasi dira, ahotik, alutik… Tras largos años de algarabía, mis poros, por ahora, solo sudan en bilingüe. De ahí que este blog haya nacido así. Ongi etorri. Bienvenide. ¡Ah! Sé me olvidaba… ¡Disfruta del viaje!

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: