Bartzelonan, 2020ko abuztuaren 19an
Baratze maitia,
Astero zeure uztaren argazkiak barreiatzen ditut amaraunan zehar. Oraingo honetan, zeure fruitu ederrekin batera nire burua irudikatzeko gogoa piztu zait, baratzezain harro-harro batena.

Ondiño ez da udako ortuaren denboraldia bukatu, baina, nolabait, agur zaporea daukaten hitz hauek idazten nabil Mediterraneo aldean. Eta sufritzen nabil, ez baitakit noiz itzuliko naizen nire uraza txiki gaixoak ureztatzera….
Konfinamendu garaian prestatu gendun zeure lurra, oraindikan neguko ta udaberriko fruituak jasotzen geundela (babak, ilarrak, porruak, orburua, eskarolak…), jada lugorria behar zuen gunean.
Itxialdiaren zirrikituetatik traktorea ailegatu bitartean, eskuko lanabes ta izerdiz atera genituen tabako bedar guztiak auzoak eta biok. Mandragoraren antzeko erro bitxiak gordetzen dituzte lur azpian, zenbaitetan ia metro erdiko sakoneran.

Satsa be zabaldu gendun horren aurretik. Lanak izan nituen auzolan hortan parte hartzeko ―Agromachismo nire argitalpenean partekatu nizuen nire garaipena―.
“Agromachismo” es que tu vecino prefiera perder parte de la cosecha a ver a una mujer manchándose las manos de mierda para descargarle el tractor lleno de estiércol y esparcirlo sobre la tierra que tiene que labrar.
Alba Algarabia

Behin traktorea pasata, auzolan guzti horren truke, lursailtxo bat eskaini zidan kaseroak. Berrogeita hamar bat metro karratu.
Lur zati txikia, baina beldur handiak. Baserrian erreleboa martxan zegoen ta handik aurrera nirea izango zen agintea, ta horrek dakartzan ardura guztiak. Lehenengo erronka: nire lehen baratzea zerotik eta bakarrik.
Lehen egunean, solora jaitsi ta guztiz nahasita, galduta, indargabe, lur gainean eseri eta negar egin nuen. Auzoa etorri zitzaidan salbamendu lanetan: bere lanabesak erabili ahalko nituen nahieran. Atzurra hartu ta kolpeka hasi nintzen, nire milaka arbasoen antzera.
Aste baten buruan, hogei labore baino gehiago patuaren eskuetan zeuden, landatutakoak zein ereindakoak: piperrak (hiru motatakoak), alberjinia, tomateak (lau klasekoak), errukula, kuiatxoa, kuia, angurria, luzokerra, azalorea, brokolia, aza, perrexila, martorria, erremolatxa, azenarioa eta urazak (bi motatakoak).

Jakoba Errekondoren aholkuei jarraiki, lagunak hurbil eta etsaiak urrun kokatu nituen, eskolan ikasleekin egiten dudan bezala.

Sendabelar ta etxeko erremedioekin ―arrautza-oskolak barraskiloaren aurkako harresi lez, familia osoak gordetzen zizkidan “hondakinak”― poz-pozik burutzen nituen nire zaintza lanak.
Are gehiago, berehala ahaldundu eta auzo baserritarraren barreei muzin eginda, hamaika koloreko lorak ipini nituen tomateen oinetan, polinizazio lanetan laguntzeko, edo. Izan ere, Jakoba Errekondorekin, nire euskara jatortzeaz gain, soloa sormenerako gunea ere bihurtu dezakegula ikasi neban ―horregatik, beharbada, ordutik hona ezer ez idatzi izana―. Euskalkiekin bezala, nahieran erabili izan ditut batzuen zein besteen aholkuak.
Paradisua zen nire baratzea, lehen gaitzak eta izurriteak agertu ziren arte. Zorionez baratzezainarentzat, txandaka. Tamalez, sendabide naturalak albo batera utzi eta kimikara pasa nintzen. Agroekologian baimendutako fitosanitarioak, alegia.
Nire tomateen enborrak gorrinak belztuta ikusi nituenean, jateko prest egon behar zuten tomate ederrak usteltzen, sekulako etsipena pairatu nuen. Hainbeste belaun eta gerrialdeko mina, hainbeste lan eguzki izpi gogorren pean, deus ez jateko? Ezta pentsatu ere!
Terapeutak nire burua salbatu zuen bezala, labore guztiak salbatu ditut. Eta oso oso harro nago. Ez naiz nire gorputzean kabitzen.
Ilargirik gabeko gau batean, solora jaitsi nintzen ureztatzera. Orduan bai ikusi nituela egunean ezkutatuta ibiltzen ziren barraskilo nahiz barikilak, nire urazen gandorretan surfeatzen, ihintzak lagunduta, goxo-goxo. Denak akabatu asmoz, laban egin eta ipurdiz behera erori nintzen lur gainean. Ilunak irentsi zituen nire barre algarak, baina, serioski, gau osoan zehar goardia egiteko nahia hazi zitzaidan: lur gainean etzan eta nire beso eta gorputzarekin landaretxoak babestu, arerio guztiak usatuz ―baita mila koloreko harrak―.
Testu potoloak erditu ditudanean bezala, gertu-gertu sentitu naiz amatasunetik. Amildegia, fruituen loditzea, itxaronaldia. Poza, tristura, egonezina. Ahalduntze eskola handia da baratzea.
Argazkian nirekin posatzen duen barazki bakoitzak istorio txiki bat gordetzen du. Bereziki maite dut alberjiniarena, itxaropenaren ikurra.

Landatu eta hilabete batez edo, ez zen mugitu. Nire odolez ureztatzen nuen labore lehenetsia zen. Hala ere, bizitza zantzurik ez. Lurretik atera eta bere tokian nire familia elikatzera beste norbait gonbidatzeko asmoa buruan neukalarik, bat batean, asteburu pasa batetik itzuli eta hosto berriak zituela ohartu nintzen. Pubertaro berantiarra zeharkatzen duen mutikoaren antzera, azkar hazi zen, auzoko, herriko eta eskualdeko alberjiniarik hostotsuena bilakatu arte.
Lehen lorekin begiak piztu zitzaizkidan: moreak, fruituak bezala, baina argiagoak. Eta arrautza ekologikoen gorringoaren hori kolorekoak barruko lorezilak. Liluratuta behatzen nituen, albo guztietatik. Lora zintzilik daraman kalizaren inguruan, etorkizuneko fruitua babestuko duten arantzak. Erraldoiak bere tamainarako, arrosaren antzerakoak.

Printze Txikiak bezain beste maite ditut gure alberjiniaren arantzak. Bizitzarenak bezain beste.
Eskerrik asko eskainitako elikagai, ikaskizun eta plazer guztiengatik, bihotzez.
Alba, baratzezain harroa

PD 1 Kantauri itsasoko Galizanoko hondartzan bukatu dut gutun hau gaur goizean, astebete beranduago. Arrastian, leize ta behi artean paseoan nengoelarik, onartu behar dut nireak baino alberjinia ederragoak ikusi ditudala kide baten baratzean. Beste eskualde batekoak, hori bai. Beste herrialde batekoak, inkluso.
PD 2 Bide batez, Bartzelonan idazten hasi nintzenean, Gavà Mar kostaldeko herrian ostatua hartzen nengoen, luxu dezenteko apartamendu batzuetan. Estetika pijoteroa apurtuz, beheko solairuko auzoak, tunbonak edo baldosak edo saskibaloi kanasta eduki beharrean bere lursailtxoan, baratze galanta zeukan, pan amb tomaca egiteko erabiltzen diren tomate mamitsuak zintzilikan. Baratzeak eta baratzezainak, non-nahi.
PD3 Agur gutuna zela nioen. Izan ere, nire beste ogibideetan (irakasle lan, idazle lan eta sexu hezitzaile lanetan) ez itotzeko asmoz, baserriko konponketekin jarraitu, bai, baina baratze lanak etetea erabakita neukan. Neguko baratzerik ez, alegia. Baina, gutun hau idaztearekin batera, iritziz aldatu eta ziklo osoa betetzeko bidean nago. Hazia ondo erein zuen konfinamendu garaiko nire lehen baratze horrek. Badirudi baratzezaintza nire bizitzan geratuko dela betiko, lurrik gabeko nekazari honi lur zati bat uzten dioten bitartean, noski.