Design a site like this with WordPress.com
Hasi zaitez

Errata naturae

Baserrira mugitu nintzenean, gure lorategi txikian eguzkia hartzea arrisku handiko kirola zen. Newtonen legeari men eginez, adaxkan jada ustelduta zeuden melokotoiak erraz jausten ziren buru gainera. 

Fruitu guztiak galdu ostean, hostoek jarraitu zieten. 

Azken egunotan, lehen lorak ikusterakoan (argazkian), denboraren igaroaz ohartu naiz: bi urtaro osatu ditut baserrian.

Denbora ihes doa
zerbaiten esperoan
nahi gabe goaz
guztia da inertzia

Libe, Orbitan (Ilargia erori da albumetik)

Denbora ihes dohakigula, aldiz, ez dut sentitzen. Beste hausnarketa bat izan da gailendu dena. 

Aurtengoa negu “normala” ez dela errepika eta errepika nabil, eta gabiz. Goizegi loratu dela dena… 

Egunero bazkaltzen dut melokotoaren pean, sarritan, koadernoak eta idaztekoak atera eta ordu luzez egoten naiz lorategian lanean, hamakan edo belarretan. Otsailean. 

Eta negua noiz itzuliko. Itxaropena baitaukat hotzarekin baretasuna berreskuratuko dudala. 

Izan ere, nire bizitzaren loraldian nagoela sentitzen dut nik ere, oso modu sakonean. Eta landareek eta zenbait aberek bezala, energia handia jartzen ari naiz prozesu hortan. Bizitasun horrek loa ostopatzen dit, bekatutzat daukadan zutunik jatera behartu, infusioak hozten zaizkit, ura edatea edota txisa egitea ere ahazten zait irakurketa edo idazketaren baten korapilatuta nagoenean.

Aste honetan Carne Crudako podcast baten Luna Miguel poetari entzun nion bezala, antsietatearekin bizitzen ikasi beharko dudan galdetzen diot neure buruari. Eskerrak nire terapeuta daukadala.

Azken saioan, oreka momentu goxo batean nengoelarik, bularreko estutasuna noiz eta nondik itzuliko denaren zain nengoela aitortu nion, beti alerta. Zera erantzun zidan berak: “no tiene por qué, la vida también se sostiene así”.

Une goxo horiek gero eta laburragoak egiten zaizkidanez, gogor eusten diet hain beharrezkoak ditudan esaldi horiei. Melokotoaren gerizpean hazten diren sendabelarrei bezain itxaropentsu.

Izan ere, La Psico Womanek hain eskuzabalki aurkeztu digun Enriqueta Barranco ginekologoari entzun nion nire muinean iltzatuta daukadan beste hitz errenkada bat: “La regla es la menos regla de las reglas”. Naturan bizitzeak erakusten digu aldakortasuna dela normarik nagusiena, orekaren paradoxa.

Erika Irusta hezitzaile menstrualak ere hori gogorarazten digu behin eta berriro: izaki naturalak garela, bai, hormona koktel ederra, baina naturarekin bat ez datorren sistema batean txertatuta, baserri batean bizi arren. Horregatik, zikloaren fase bakoitza era batera bizi dugu, bakoitzak bere erara, une bakoitzak bere modura.

Antsietatea menstruazioaren aurreko fasearekin, premen famatuarekin, lotzen nuen lehen, gorputzeko “udazkenean”. Ilargi honetan, aldiz, baretasun handiko garai batek egin zion tokia minarik gabe ailegatu zen odolari. La vida te da sorpresas… Baina kapitalismoaren gaitza gorputzaren “udaberrian” itzuli da, lorak eta hostoak bezala, ideiez betetako bihotza bularretik borborka ateratzeko.

Eta niri, derrigorrez, goian aipatutako santa guztiei otoitz egin eta unean uneko norma naturalari men egitea dagokit. Datorrena onartu eta gogoratu gaitz guztiek dutela euren sendabelarra gertu.

&&&&&&&&&

Behin irakurri nuen gure begiek naturaren edertasunaren puska bat ikusteko gai baino ez direla. Gainera, hala izan behar duela, zoratuko ginatekeelako bestela. 

Antsietateak eskaintzen didan bizitasun honek badeko bere alderdi psikotropikoa. Atzokoa bezalako ilunabarra ikusi ta negar egiten dut kolore guzti horien intentsitatean. Benetan zerua sutan ikusi nuela. 

Itzuli dadila baretasuna, faborez. Neguak hotzarekin lagundu nahi badio, ederto. Eguzkiarekin jarraitzen badugu, loraldian ez itotzeko lanetan jarraituko dut nik. 

Bakion eta Barakaldon, 2020ko otsailaren 23an

Published by kontalamia

Hitzek sorgindu ninduten. Doinu eta forma ezberdinetan nire gorputza bete ostean, borborka hasi dira, ahotik, alutik… Tras largos años de algarabía, mis poros, por ahora, solo sudan en bilingüe. De ahí que este blog haya nacido así. Ongi etorri. Bienvenide. ¡Ah! Sé me olvidaba… ¡Disfruta del viaje!

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: