Design a site like this with WordPress.com
Hasi zaitez

Amodiozko gutuna

Bakion, 2020ko otsailaren 14an

Ene bihotz maitia,

Sekretu bat partekatuko dizut oraingo honetan.

Bidaian abiatu baino lehen, nire ahizpa kosmiko batek tarot tirada bat eskaini nahi izan zidan. Bete betean asmatu zuen sorgintxoak: tripetako arazoak izango nituela, eta bidaian hamar aste ez neramala, apendizea moztu zidaten Patagoniako kirofano hotz batean.

Baina beste zera bat ere esan zidan, buruan dantzan izan dudana ordutik hona. Amaitu da misterioa. Orain badakit zu zarela kartek iragarri zuten hirugarren amodioa.

Nolatan ez nintzen aurretik ohartu?

Ez nintzateke gai izango zehazteko zerk sorgindu ninduen lehendabizi.

Gogoan daukat, esaterako, hamakan etzanda irakurtzen ari zinela, pareoaren geruzen artean agerian geratu zen izter hori. Beheko ezpainari kosk egin behar diot azal distiratsu zati hori gogora ekartzean.

Edo zure barrea… Inolako ardura zein lotsarik ezagutzen ez duen ume aske batena. Hortz guztiak errenkadan, izarrez jositako gaua. Goian, bi ilargi zure begi jostariak.

Belarri atzean gordetzen duzun beste sekretuaz jabetu gabe ere, karakolen barrenean aditzen den baretasun bera arnasten da zure gorputz biluziaren aldamenean.

Denok biluzik jaio ginela ahazten zaigu sarritan. Zure alboan, ordea, ez dago mundua ibiltzeko modu naturalagorik. Beti itsasotik gertu, paisaiarekin bat egiten duzu oinutsik harkaitzetan barrena.

Bedeinkatuak izan daitezela zure gorputzeko poro guztiak, baita hain eskuzabal eta maisuki zure txoko biluzi oro iluntzen duten eguzki izpiak. Eta bedeinkatua izan dadila lamia erditu zuen ama.

Lau haizetara bidaiatzen jarraitu dugun arren, orokorrean gertu sentitzen zaitut, mesanotxean gordetzen ditudan gutunak bezain gertu.

Baina inoiz, ihes egiten didazu, eta urrun zoaz, urrunegi. Halakoetan, furgonetan gogoratzen gaitut, Sandrine Kiberlainen abesti zoragarri hura garrasika abesten:

J’ai décidé / De m’faire du bien / De m’faire couler un bain / D’étaler toutes mes photos d’moi / De les commenter de haut en bas / J’ais m’envoyer des fleurs / Me parler que de moi / Des éloges à haute voix / Des roses pour me féliciter / D’être moi / J’ai décidé / De m’regarder / De m’éplucher dans le miroir / De dévoiler tous mes atouts / De m’adorer de bout en bout / … / J’ai décidé / De m’désirer / De m’inventer des sensations / De crouler sous mes émotions / De devenir mon obsession / J’vais m’envoyer des fleurs / … / Des roses, des roses que je ne t’enverrai pas…

ITZULPENA: Erabaki dut / gozatzea / bainuontzia betetzea / nire argazki guztiak eskegitzea / goitik behera komentatzea / Nire etxera loreak bidaltzea / nire buruarekin nitaz baino ez hitz egitea / laudorioak baino ez, ozenki / Arrosak ospatzeko / ni naizela / Erabaki dut / nire gorputza behatzea / ispilu aurrean mihatzea / nire doain guztiak erakustea / burutik orpoetara nire gorputza maitatzea / … / Erabaki dut / nire burua desiratzea / sentsazio berriak asmatzea / nire emozioen baitan lehertzea / ni nire obsesio bilakatzea / Loreak bidaliko ditut nire etxera /… / arrosak, bidaliko ez dizkizudan arrosa horiek

Zaindu, laztana!

Nor Bera

Ei! YouTubeko kanala estreinatu berri dut! Hauxe nire lehen bideoa, hain juxtu, gutun honekin, “à haute voix”. Gozatu eta partekatu!

Published by kontalamia

Hitzek sorgindu ninduten. Doinu eta forma ezberdinetan nire gorputza bete ostean, borborka hasi dira, ahotik, alutik… Tras largos años de algarabía, mis poros, por ahora, solo sudan en bilingüe. De ahí que este blog haya nacido así. Ongi etorri. Bienvenide. ¡Ah! Sé me olvidaba… ¡Disfruta del viaje!

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: