Kabitzen ez diren guzti horiei
Ilargik bere azterketa jaso du, ikaskide guztiek jaso duten froga bera. Café para todos. Denbora aurrera doa eta ikusten du gaizki doala eta ez duela astirik izango bukatzeko. Zelan ez da txarto ibiliko ba, aurreko egunetan taldeko giroak bereziki desmotibatu baitu: ez ditu etxerako lanak egin, materiala ahaztu du, errepasoan ez da bat ere adi egon… Saioa amaitzear da eta negarrez hasten da. Negar isil eta amaigabea, azterketaren orriak blai uzten dituena. Magia eginez zuzendu beharko duen irakaslearen bihotza be blai uzten duten malkoak. Baina irakaslearen botere magikoak eta mauka zabalak ez dira nahikoak: 4,2. Hori da bere nota. Andereñoak Amelie Poulain izan nahi du, enpatiak bahituta azterketa faltsifikatu eta emaitza bikoizteko. Baina ez da, eta froga erakusten dionean, Ilargiren begietan agertzen diren malko berrietan ito nahi dut nik.
Ni naiz Ilargiren irakaslea. Beno, ez da bere benetako izena, baina bere irribarreak gela argitzen duelako deitu dut horrela. Ilargia bezala, bakarra da, berezia. Hain zuzen, “ezberdina” delako, eskola jazarpenaren atzaparretan erori da. Ez da, beraz, beste zenbaki bat hezi behar ditudan 160 nerabeen artean (hotzikarak emateko moduko zifrak: zehazki, 162 izan dira aurten nire ikasleak, gure artean euren ihesaldiaren sei bat aste egin zuten errefuxiatu siriarrak barne). Ez da zilegi edozein zenbaki izatea.
Eskola jazarpenak, gure hezkuntza sistemaren porrotarik handienak, aurpegi erantzuleak ditu: erasotzaileenak, euren gurasoen eta gure gizartearen diskurtso faxistak bete-betean irentsi dituztenak; ez ikusiarena eta entzungor egiten duten ikaskide eta irakasleenak; arazo honi aurre egiteko baliabidetan ez inbertitzeko erabakia hartzen duen zuzendaritza taldearena; eta horien guztien gainetik, aniztasuna zapaldu, baztertu eta ukatzen duen sistema bermatzen duten legegileena.
Nire kontzientzia piztu denetik, denbora biderkatu nahi dut nire arloko saioetan, “normaltasuna”-ren eta “berdintasuna”-ren arrakalak argitzeko, ikuspegi kritikoa bultzatzeko, pedagogia feminista hedatzeko… Lan neketsua da, arriskatu beharra baitago. Etengabeko hausnarketa eta autokritika. Kontraesanak eta pribilegioak (irakasle botereduna eta obeditu beharreko ikasle otzanak).
Noski, pertsonen arteko harreman guztietan bezala, gatazkak kudeatu behar ditugu. Batzuetan, nire esku-hartzeak eragindakoak; beste batzuetan, aldiz, gelan topatutakoak. Gatazka deseraikitzeko aukera dela esaten diet nire ikasleei, ostean zerbait berria eta osasuntsuagoa elkarrekin eraikitzeko beta. Hala ere, ez dakit ze punturaino erosten duten oraindik fresko ditudan zaurien diskurtsoa.
Gizartearen ispilu txiki bat da ikasgela. Euren burua ez bereiztearren, zenbat min, zenbat malko, zenbat gose, zenbat baba, zenbait oilo-azal… “polita” izateko, etxeko pobrezia ezkutatzeko… Zorionez, nik uste dut konturatzen hasiak direla ez garela kaxan kabitzen. Are gehiago, ez dugula egin nahi!
Zer da, ba, “normala” izatea? Cortazarrek dioen bezala, agortzear dagoen pasta tutuari behetik eragitea? Muntaketa-kate batean lez, metroko zinta mekanikoan bizitzako segundoak aurreztea, txerriak hiltegira nola? Feminismoen eta beste iraultzen lapurketei jaramonik egin gabe, Inditexek emakumeen lan esklaboarekin ekoiztutako “Girl Power” kamisetak janztea, Hollywoodeko izar batek modan jarri dituelako? (Frida Handiaren aurpegia ere ostu digute, bere fisionomia eraldatuz, begi iletsudun barbia inposatuz.)
XXI. mendean ikasleak hormaren kontra jartzen dituen irakaslea, hori al da normala? 100-200 ikasle kopuruari men eginez, bizirauten duten irakasle-orekariak gara. Amildegiaren beldurrari etxera daramagun zuzenketa-lan mordoa gehitzen badiogu, ba al da normala soilik soldatagatik altxatzea? Ez deritzot normala, ez, eta ez naiz txanpon horiekin konformatuko; beharbada aurpegira bota ere! Azkenik, 1000tik gora ikasle duen eskolan Hezkidetza-Planik ez existitzea, aniztasuna zamatzat ulertzea, sexu-heziketari beldur izatea, hori al da zeuen normaltasuna? Ez nago irensteko prest. Qué se pare el carro, que yo me bajo.
Arriskatzeko ahaldundu naiz, baita porrota samurtasunez onartzeko ere. Baina bihotz askeak taupaka nahi dituen hezitzailea naiz, eta egunaren arabera, Ilargiren malkoetan ito nahi dut, edo korrontearen aurka arraun egin. Beste batzuetan, ilbetea eta ilberria lagun, likantropoa eta banpiroa izan nahi ditut, Ilargiren zapaltzaileei kosk egiteko, Eskola Nazional Frankistaren oinordekoei eta Hezkuntzaren merkatariei hozka egiteko, “Aquí huele a feminismo” dioen mutil koxkorraren lepoan haginak sartu eta nire eme justiziaren egarria asetzeko.
Baina abestian bezala, egunsentia dator goizero. Gauaren ilunaren ostean, itxaropena. Liburutegirik ez egon arren, zalapartaren erdian irakurtzen duen ikaslea. Mutilez betetako frontoian egunero pilotan aritzen den neska. Nire “gizatasuna” ukatu ostean barkamena eskatzen duen ikaslea. Euren ikaskideengan inolako erreakziorik sortu gabe, naturaltasun osoz musukatzen diren ikasle lesbianak. Beldurtu eta susmatzen hasi ordez, neure konpromisoarekin pozten diren gurasoak. Eskerrak ematen dizkidan lankidea, urte hauetan inspirazio iturri izan naizelako. Irakasle “apasionatua” nintzela deskubritu zidan maisu-poeta. Sistemari barrutik eragiteko erabakia hartu duen lankide-ameslaria. Euren porrotak eta garaipen xumeak partekatu dizkidaten tutoreak. Bidaikide izan ditudan irakasle feministak, atzetik ugari datozkigula kantu-kantari grebara (no sin mis aliadas).
Eguzkiak ortzadarra erditu du gaur: Ilargi ahalduntzen ikusi dut, gure laguntza eskatzen eta bere burua bere kabuz defendatzen.
Orain bai. Mary Poppins bezala, eraman nazala haizeak. Ez sistema honek ez duelako jada nire Ama Otsoaren indarraren beharrik, baizik eta haize berriak behar ditudalako nik ez zimeltzeko. Luzaroan hainbeste gazte zaindu ostean, neure burua zaintzeko atseden hartu behar dut. Indarberrituta itzultzeko, sistemari hortzak erakusten jarraitzeko.
Laster arte, Irakaskuntza, Eskola, Gazteria.
Bilbo Handian, 2018ko ekainaren 22an
